1984 "armatu" zuten azken txondorra herriko lagun batzuek. Horrekin batera belaunaldiz belaunaldi jendearen bizimodu eta ogibide izan zena ere itzali egin zen.
Baina, esan bezala, 2009an lehengo ikazkinen ondorengoek ikatza egiteko jakintzarekin batera, trebezia eta abildadea, ohitura eta harrotasuna eta lan horretarako grina eta adorea ere berreskuratu zituzten.
Auzolanean egindako egur bilketa herriko txaradietan , txondorra "armatzeari" ekin zioten herriko ikazkin zaharren aholku eta irakaspenen eredu hartuta.
Ikusgarria izan zen herrian lortutako arrakasta ikustean tradizio zaharra nola bihurtzen zen berriro ere errealitate.
2012an goizuetarrak izan ziren lagun ikatz festan. Ugari ziren kanpora, tartean Goizuetara ere, joan behar izan zuten herriko ikazkin trebeek, baita bertan luzaro aritu ere lanbide nekoso horretan.
Aspaldiko harreman horiek berpizteko asmoz izan zen goizuetarren bisita. Ikazkintza ikasgai, goizuetarrek bere aldetik erakutsi zuten bertako ikazkinen "zahagi-dantza". Bi herriko alkateek eman zioten "betegarria" txondorrari bi herrien arteko laguntasuna berpiztuz.
Bi urte eta gero ohiturari eutsi zaio. 2014. urteko Txondorraren egunean gazteek piztu zuten txondorra ohituraren belaunaldiz belaunaldiko lekuko bezala. Beraiei erakutsi bezala, biharkoan hauek izango dira eta, gazteagoei ohitura erakutsiko dietenak.
http://ancin-antzin.com/index.php/eu/conoce-el-municipio-eu/fiestas-y-tradiciones-eu/dia-de-la-carbonera-eu#sigProGalleriaabdaa458ed
BAINA... NOLA EGITEN DA IKATZA?
Negu gorrian biltzen zen egurra artadietan. Lehortzen zenean maiatzetik aurrera ekiten zioten txondorren prestatzeari. Mendiko edo herri inguruko plazatxo borobil batean "armatzen" zuten txondorra. Erdi erdian kokatzen zuten enbor handi bat "hondon" izenekoa, eta inguruan kokatzen ziren egur enborrak xutik, lodiak lehenengo eta egur pilak gora egiten zuen heinean gero eta meheagoak gero. Erdian tximini antzeko bat uzten zen, handik pizten eta elikatzen baitzen txondorra. Egur meta amaituta girikez (txilar mota bat) edo lastoz estaltzen zen, eta gainean beste lur geruza bat ere zabaltzen zen egurra isolatuz. Azpikaldean "arrukas" izeneko harri batzuk paratzen ziren txondor-estalkianaren euskarri. Eskailera baten bitartez igotzen zen txondorraren gailurreraino, tximiniraino, eta handik txingar batzuk botata pizten zen txondorra. Pilaren inguruan zulo batzuk ere egiten ziren txondorrak "arnasa" har zezan. Egurra "egosi " bitartean, tximiniko egurra ikatz bihurtzen zen, eta hutsunea berriro ere betetzen zen egurrarekin, "dale betegarri!" esaten zen bitartean. Gau eta egun egon behar izten zuten adi txondorra erreko ez bazen behintzat. Bost kilo egurrek kilo bat ikatz ematen zuen 15 edo 20 bat egun irauten zuen prozesuan. Ondotxo zekiten ikazkinek ikatza noiz zegoen prest . Eta hozteko hiru egun itxaron eta gero, gaineko geruza kenduta, ikatza biltzeari ekiten zioten.
Testua eta argazkiak: Isaac Corres