Bere iturri emankorrengatik "uren herria" izan da deitua Aintzin Lizarraldean eta inguruko herri-bailaratan ere. Eta aspaldikoa ere bada "Todo tiene su fin, menos el vino en Viana, la paja en Sesma y el agua en Ancin" uretan hain aberats ez ziren herrietan zabaldutako esaera zaharra.
Hiru iturburu multzo bereizi daitezke gure udalerrian: "San Faustuko iturria", "Fuente del Encino-koa", eta "Las Fuentillas" errotaren ondoan azaleratzen direnak.
SAN FAUSTUKO ITURRIA herrian bertan dago, eta bere sorreraren inguruan badugu kondaira bat mendetan zehar arbasoek utzi zigutena:
Mando baten bizkarrean zetorren Algoairetik (Lleida) San Fausto gure patroiaren hilotza, berak agindu bezala.
Eta agindu ere zera zuen agindua: "Nire mandoak bere azken hatsa ematen duen tokian, antxe bertan lurperatuko nauzue lurperatu ere." Eta mando horrek bere azkena Arabako Buxandan eman zuenez, bertako elizan ehortzi zuten. Eta ordudanik gaurdaino herri horretan izan da ospatu eta ondradua Aintzingo patroiaren gorpu ustelgabekoa. Aintzindik eta inguruko herrietatik ere urtero abiatzen dira nekazariak Buxandara maiatzaren 15ean erromerian eta jai giroan, gehienetan ur eske, erreguteetan, eta 1558az geroztik badugu izan ere ermandade edo kofradia baten berri Santuaren
aldeko ospakizun eta gorazarreez arduratzen dena.
Baina zamari hori bere azken helmugara iritsi baino lehen gure herritik igarotzean aztarrika hasi zen lurra arakatuz egarriaren egarriaz ura lurpetik borborrean azaleratu zen arte, horrela sortu zuelarik egun ezagutzen dugun Fausto Deunaren Aintzingo iturria.
Agian mandoaren arakatze horren azpian bazegoen mezu ezkutu bat geroko egia bihurtuko zena: gure oinpetan Nafarroako akuiferorik sakonena bageneukala. Mandoaren mezu ezkutua... edota kondaira asmatu eta zabaldu zuenarena, auskalo hori.
Iturri honek xahutegia edo 'labaderoari' ematen zion ur garbia eta aldameneko beste iturburu batzuekin batera antzira moduko hezegune zabal bat sortzen zuen. Beharbada antzira horrek emango zion izena gure herriari: XVIII. mendera arte Nafarroako mapa guztietan "Aincin" agertzen baita gure herriaren izena. Eta "aintzi" horixe da hain zuzen ere gure herriko euskara zaharrean: 'laku', 'antzira, beraz, iturriaren inguruan ikusten zen urmael zabala. Eta Erroko bailaran 'Aintzioa' ahoskatzen den moduan, edota Behenafarroan, 'Aintziburu', halatsu ere ahoskatuko zen gurean herriko izen zaharra'.
LA FUENTE DEL ENCINO da udalerrian dugun beste iturri kutuna. Erdarak singularrean dakarren arren, hamar bat iturbegi dira ur gardena azaleratzen dutenak borbor-burbuilean arkaitzetako zirrikitoetatik argira, eta errekasto bihurturik, gertuko Ega ibaira abiatzen da xirripa alegerean. Herriko merendatokia genuen ENCINO inguruko txaradia herriak mendeetan zehar arretaz kontsebatu zuena. Etxeetan oraindik ur korronterik ez, eta udako jaiegunetan hara biltzen ziren familiak askaria egitera eta bidenabar egarria asetzera bertako ur garbi freskoarekin, txaren gerizpean, artadiaren eta landareen arteko giro atsegingarrian.
"Serafin" delako iturria, sekulan ez agortu ezta lehortu ere ez den iturburua, Burbudeas iturria (1820an 'Egurbidea' izendatzen zutena), eta errotako "Las Fuentillas" ere dira aipagarriak.
Azken hauei esker ur esakasirik eta lehorraldirik luzeetan ere Ega Ibaiak izan du ur emaria.
Baina azken urteetan iturri hauen emariak nabarmen egin du behera; udaldian batzuk eta urte osoan zehar bestetzuk lehortzen dira, lehen inoiz ere agortzen ez ziren iturburuak eta errekastoak. Eurek ukatu arren, ondotxo dakigu aintzindarrok zein izan den iturrien agortzearen lehortze hori: Jurramendiko Komunitateak Aintzingo bere putzuetan xurgatzen duen ur kopurua apaltzen du dezente iturriak elikatzen duen maila freatikoa. Ondorioz inguruko iturri gehienak lehortzeko prozesuan daude, uren kudeaketa aldatzen ez den bitartean.
http://ancin-antzin.com/index.php/eu/conoce-el-municipio-eu/entorno-eu/las-fuentes-eu#sigProGalleria154ed3ce27
Testua: Juan Iriberri
Argazkia: Isaac Corres