Nafarroako mendebadeko eskualdean, Ekialdetik Mendebaldera luzatzen da Lokiz mendilerroa, eta bere magalean Antzin herria dugu. Mendiko ibileretan orkatz, putre eta harrapari lagun ditugularik txango ederrak burutu daitezke. Haritz, ametz, txara, arte, ipuru, gurbiote, girikeak... ikusgai ditugu bidean zehar. Ega ibaiaren bazterrean gure lurraldea zeharkatzen duen lau kilometroetan ezberdina da aurkitzen dugun landaredia: satsak, makalak, ezkiak, azkarrak, altzak, lizarrak...
Animaliak ere ez dira falta: basurdeak, orkatzak, azeriak, azkonarrak, mixarrak, basakatuak eta mota guztietako hegaztiak...
IBILBIDEAK
LOKIZ MENDILERROA
Antzin baita Mendilibarri ere baditugu Lokizera joateko abiapuntu: Mendilibarritik, 1800 bat metro mugaraino. Antzindik mendilerrorantzako bidea hartzen dugu San Román baselizatik aurrera, eta mugaraino iristen gara abelbidetik km bat egin eta gero.
VASCO-NAVARRO DELAKO ANTZINAKO BURDINBIDEA
Lizarra eta Gasteiz lotzen zituen antziñako trenbideak lau km ditu Antzindik igarotzean. Hara iristeko bidea lehengo tren geltokian dugu, egun herriko udaletxea dena. Hortik Mendilibarrira zein Murietaraino ere egin dezakegu txangotxu atsegingarri bat. Halaber, kontrako norantza hartuz gero eta Acedotik igarota, Zuñigaraino ere iristen gara. Lau-laua dugu 10 kmko bidea adin guztietako ibiltari eta txirrindularientzat ere aproposa, txara eta arteak bidelagun dituztela.
LA MORA IZENEKO OSINA
Ondo seinaleztatuta dago Antzindik La Moraraino doan bidea, 10,3 kilometrokoa.
Ega gaineko zubitik eta errotaren ondoko hegoalderako bidea jarraiki, Piedramillerako ataka gaindituta, ezker alderantz jotzen dugu errepidetik. Handik km batera gurdibide zabal bat hartzen dugu ezker alderantz eta 300 bat metro ibilita hantxe ditugu La Mora osina eta bere errekastoa. Bidea aurrera eginda Legariaraino ailegatzen gara, eta bertatik berriro ere Antzinera jotzen dugu lehengo abelbidetik, Egurbidea izenekoa (egun Burbudeas izenarekin ere ezagutzen dena).